Jose Luis EreƱaga Onaindia

Biografia

Hamahiru urteko mutil gaztea zen Jose Luis 1936ko altxamendu faxista eman zenean. 1937ko martxoaren 31ko Durangoko bonbardaketaren lekuko zuzena izan zen. Bonbardaketaren ostetik ebakuazioa eta erbesteratzea ezagutu zituen. Itsasuntzi ingeles batek eroan zituen Ribadesellatik (Asturias) Frantziara. Frantzian hainbat lekutan egon ziren eta Jose Luisek ez dauka ahazteko, besteak beste, Nimeseko herritarrek adierazi zieten elkartasuna.

Erbestean urtebete inguru egin ostean, II. Mundu Gerra hastear, Frantziako gobernuak bi aukera eman zizkieten: artean Errepublikaren menpe zegoen Kataluniara joan edo Francoren menpeko lurretara itzuli. Jose Luisen familiak Durangora itzultzea erabaki zuen baina itzulera hori ez zen bide erraza izan. Irunen kontzentrazio eremu batean egon behar izan zuten lehenik eta, Durangora itzuli aurretik, Bilbon aurkeztu behar izan zuten Gobernu Zibilean.

Behin Durangon zeudela, euren etxea zena guztiz apurtuta, ondasunak lapurtuta eta gurasoak lanik barik, zerotik hastea izan zela gogoratzen du Jose Luisek. Aitari, kartzelaratu ez bazuten ere, asko kosta ei zitzaion lana aurkitzea ez zelako errejimenaren aldekoa. Jose Luis bera, Durangon bizi zuten eskasia zela-eta, Maumako baserri batera bidali zuten, osabarenera, artzain. Gero, futbolean hasi eta ibilbide oparoa egin zuen. 1942an Bilboko Athletic-ekin debutatu zuen.

Pasarteak