Edurne Agirre Azkarate
Biografia
Edurne Izurtzako Lejartza-Etxano auzoko Behekoerrota baserrian jaio zen 1947an. Isidoro Agirre Alberdi, bere aita, Behekoerrotan jaioa, 20 urterekin Kirikiño Batailoian izena eman eta faxistei aurre egitera abiatu zen Kanpazarreko frontera. Gudari legez ibili zen frontez fronte, harik eta Artzentalesen faxistek zauritu eta preso hartu zuten arte. Miranda de Ebroko kontzentrazio eremuan izan zuten 1937ko irailaren 11ra arte. Hortik 12. Langile batailoian Aragoin lan behartuan izan zuten. 1939an Bartzelonatik Miranda de Ebrora bidali zuten. 1940an 14. batailoiarekin Lesakara bideak egitera eroan zuten. Azkenean, 1941eko irailaren 6an aske utzi zuten. 1992an Eusko Jaurlaritzak demokraziaren eta Euskal Herriaren alde egindakoa eskertu eta saritu zuen.
Maria Victoria Azkarate Etxenagusia, Edurneren ama, Abadiñoko Muntsaratz auzoan jaio zen. Gaztea zela, familia osoarekin eta etxeko abereekin oinez abiatu zen Zamudiora lehenengo, eta Kastrejanara gero. Etxera itzultzean, faxistek Anselma Etxenagusia amamaren aurka eginiko mehatxuak eta irainak bizi izan zituen.
Edurne etxe euskaldun eta abertzalean jaio zen. Izurtzako eskoletan ikasi zuen, gaztelaniaz. Gazte zela, Izurtzako beste hainbat gazterekin batera bertako bandera berreskuratu zuten, baina alkateak ez zien utzi dantzariei bandera hori erabiltzea herriko jaietan. Hala ere, handik egun batzuetara, Arraten egin zuten ekitaldian izurtzarren bandera erabili zuten, goardia zibilen trabak gainditu ostean.