Maria Pilar Arrinda Mondragon
Biografia
1927ko martxoaren 27an jaio zen Maria Pilar, Abadiñoko Muntsaratz auzoan, Kandidona baserrian. 10 nebarreba ziren etxean, eta bera nagusiena; gurasoekin eta aitita-amamekin bizi ziren. Gogoratzen duenez, ondo bizi ziren baserrian, eta eskolara ere joan zen, harik eta altxamendua eta gerra etorri ziren arte. Zeruan hegazkin bonbaketariak ageri zirenetan alarma entzuten zela azaldu du, eta horrelakoetan eurek Muntsaratzeko palazioan babes hartu izan zutela. Frentea atzerantz etortzean, lehenik Trañara joan ziren, beste parteko aitita-amamen etxera, eta gero Gaztelura ere bai, osaba baten etxera. Baina, aitita eta amama Kandidona baserrian geratu ziren, eta apirilaren 26an bonba batek ezustean harrapatu zituen. Baserriko atzekaldeko horma apurtu zuen arren, etxekoak onik atera ziren.