Mikel Garaizabal Iturriagaetxebarria
Biografia
Mikel Garaizabali amama Maria Iturralde Arriagak kontatu zizkion batez ere gerrako gertakizunak, eta interes handiz entzuten zituen. Mariaren neba bi, Martin eta Jazinto, gerraren alde banatan ibili ziren borrokan; Martin Euzko Gudarostean, eta Jazinto kolpistekin behartuta, soldaduska egiten zebilela altxatu baitzuten. Anaia biek ez zuten elkarren berri, eta Kalamuako frentean egin zuten topo. Hala ere, ez ziren elkartu gerra amaitu eta etxera bueltatu ziren arte.
Etxean entzundako istorioez gainera, herrian ere ikertu izan du Garaizabalek. Horri esker, gerra sasoian Abadiñon bizi izandako giroaren berri ematen du testigantzan, eta herrian eragin nabarmena izan zuten gertakariak ere azaltzen ditu.
Garaizabalek argi du memoria norbere izatearen parte dela, eta eragina duela hautuetan. 2003tik Abadiñoko udal ordezkari da EAJ alderditik, eta 2019-2023 legealdian alkatea izan zen.